Lau
Askotan izutzen gara. Gizakiaren sentsazio instintiboenetako bat da. Behin izututa burua limitera daroagu, ulertzen ez ditugun lurraldetara, hotzean pentsatuta izango ez genituen ideietara. Izuak panikoa dakar eta panikoak gure burua eta urkoa babesteko beharra. Arriskua sentitzen dugunean edozer uzten dugu egiten gure izenean, bakoitzak bere zilborra salbu ikusi nahi badu.
Hori oso ondo dakite politikariek. Izuarekin justifikatzen dituzte urruneko lurraldeen inbasioa. Izuarekin justifikatzen dituzte erabili gabeko txertoen diru galerak. Izuarekin justifikatzen dituzte inkomunikazio garaiak gela itxi eta lizunetan. Arrazoia ez da izua baina hala saltzen digute. Izuarekin ez dugu pentsatzen. Ez dute nahi pentsatzea. Mesedez, ez izutu, pentsatu!
Hiru
Hatzak. Haurtzaroan zenbat aldiz entzun ote dugu hatzen ipuina, honek egurra bildu, besteak sua egin… eta hatz lodiak den dena jan. Zenbat aldiz altxatu dugu hatz erakuslea inork entzungo ez dituen galderak egin asmoz edota donutsen esperoan? Zenbat aldiz ikusi ditugu eliteko kirolariak hatz lodia altxatuz ohatilan daramatenean kolpe izugarri baten ondorenean? Zenbat aldiz joan ote da hatz txikia sudurrean barrena izaki berdeen aurka borroka egitera? Zenbat aldiz kitzikatu gara hatzak pianoaren gainean dantzan sentitu ditugunean? Zenbat aldiz sentitu dugu hatzean eraztuna jarriz bizitzak kateatzera doazela?
Katea, gau isiletan eginiko promesa amestiei. Katea, edozein momentutan edonorekin egoteko askatasunari. Katea, maitasunari, azken finean. Nola jarraituko dugu horrela elizan jantzi beharrean katea bankuan jazten badugu?
Bi
Arriskuaren adierazle izan daiteke, nonbait sua dela ohartzen baikaitu garrasika. Aspaldi seinaleak egiten zituzten indioek, benetakoek, ez ETB 2 an arratsaldero ateratzen diren horiek, tela bat gainean haizatuz. Hotza egiten duenean eta ariketa fisikoren bat egin badugu ere, burutik ateratzen zaigun aura bat dirudi. Tximinitik gora ederki ikasia du bidea, ez da sekula galtzen. Erotikoki ateratzen zen Hollywood urrezko aroko urrezko emakumeen ahotik.
Orain ordea, bolo-bolo dabil bere debekua. Kea debekatu dute terrorista bat bailitzan. Tabernetan, jatetxeetan, finean toki pribatuetan debekatu dute. Lehen espazio publikoetan egin zuten bezala. Jendea sutan dago baina ez diete uzten kerik aireratzen.
BAT
Zoritxarrez, beharrezkoa dugu energia. Zoritxarrez, ez dakigu ulertzen bizitza energiarik gabe. Energia berriztagarriak irtenbide dira urre beltza bukatzen ari den honetan. Baina ohartzen al gara gure bizi nahiaz, gure ongizatearen estatuaz natura itzaltzen doala? Urtegiek herriak hondoratu dituzte aurrerapenaren izenean. Parke eolikoek mendiak desitxuratu dituzte aurrerapenaren izenean. Eta guk bitartean telebista piztuta uzten dugu afaltzera goazenean, iturria irekita uzten dugu hortzak garbitzen ari garen bitartean. Konturatzen al zarete bakoitzak bere hondar alea jartzen duela hau aurrera eraman ahal izateko? Pixkanaka ari gara naturari lepo inguruan duen soka estutzen. Paradoxa litzateke, hainbeste aire dagoen tokian urkatuta, itota hiltzea ezta?


